lunes, 9 de noviembre de 2009

Alakrana


«Borrokan jarraituko dugu, gure arrantzaleak etxera itzuli arte» Bermeoko portua bete dute milaka lagunek, 'Alakrana'-koen senideei babesa adierazteko eta arrantzaleak aska ditzaten eskatzeko Espainian espetxeratutako bi kideak Somalian epaitzeko eskatu dute piratek Maite Asensio. Bermeo Txiki geratu zen atzo Bermeoko Portu Zaharra (Bizkaia). Alakrana atunontziko arrantzaleen familien deiari erantzun zioten milaka lagunek. Euri jasa itzelaren eta haize bolada zakarren oldarrei tinko eutsiz, marinelak «berehala» askatzeko eskatu zuten berriro -urriaren 2tik daude bahituta, Indiako Ozeanoan-. «Borrokan jarraituko dugu, gure arrantzaleak etxera itzuli arte», berretsi zuten bahituen senideek. Duela bi aste bezala, sirena hotsekin hasi zen elkarretaratzea, ordu laurdeneko elkarretaratze isila, eguerdian. Nestor Basterretxearen Olatua eskulturaren ondoan, aldarri bera irakur zitekeen: Gure arrantzaleak askatu. Pankartaren atzean, Euskal Herrian jaiotako eskifaiako zazpi kideen senideak eta gertukoak, oso hunkituta, batzuk malkoei ezin eutsirik. Euskal jatorriko arrantzaleen herrietako alkateak ondoan izan zituzten berriro ere, Bermeo, Mundaka, Santurtzi, Sestao eta Ondarroakoa. Halaber, alderdi politiko guztiek parte hartu zuten kontzentrazioan; besteak beste, EAJko Iñigo Urkullu, Josu Erkoreka eta Andoni Ortuzar, EBko Mikel Arana, Aralarreko Jon Abril eta EAko Peio Urizar egon ziren. Eta, duela bi asteko bilkuran ez bezala, Eusko Jaurlaritzak ordezkaritza bidali zuen atzoko kontzentraziora: Pilar Unzalu Arrantza sailburua eta Idoia Mendia Justizia sailburua. Eusko Legebiltzarreko presidente Arantza Quiroga ere han izan zen. Elkarretaratzea amaitzean, bertaratutako herritarrekiko esker ona adierazi zuten marinelen senideek. Haiena ez da izan elkartasun keinu bakarra: Facebook sare sozialean arrantzaleak aska ditzaten eskatzeko ostiralean sortu zen taldeak 13.000 atxikimendutik gora zeuzkan atzo goizean. Halaber, Seychelleetan geldituta dauden euskal itsasontziek ere protesta egin zuten atzo eguerdian. Arratsaldean, berriz, Alakrana-ko bederatzi kide galiziarren familiei babesa agertu zieten ehunka pertsonak Vigon (Galizia) egindako bilkuran. Piratek lehorreratutako hiru arrantzaleak herenegun Alakrana-ra itzuli zirela eta, «animatuago» eta «indar handiagoarekin» agertu ziren atzo senideak. «Baina alderdi politiko eta erakunde guztien batasuna behar dugu», gaineratu zuen izenik eman nahi izan ez zuen emakume batek: «Ez dezatela liskarretan jarraitu, ez diezaiotela auziari etekinik atera. Etxera ekar ditzatela berehala». Andre horrek berak aldarrikatu zuen arrantzaleek legeak ezarritakoaren barruan lan egiten dutela: «Aski da segurtasun gunetik kanpo ibiltzen direla esatearekin». br />

No hay comentarios:

Publicar un comentario